Banden lehia 2011 deialdiko oinarriak

Lehena.- Xedea

"Banden Lehia 2011" lehiaketaren helburua da Interneteko euskal musika talde amateurrik entzutetsuena saritzea. 

Lehiaketak bi fase izango ditu: lehenengoa Internet bidez egingo da, eta bigarrena, zuzeneko ekitaldi batean.

Bigarrena.- Lehenengo fasea

Lehiaketaren lehenengo faserako, web atari bat zabalduko da sarean (www.bandenlehia.com). Lehiaketan izena ematen duten musika-taldeek atari horretara igo beharko dituzte euren abestiak eta bideoak, eta atari horretan bertan zehaztu beharko dituzte, euskaraz, taldeari buruzko xehetasunak eta sare sozialen inguruko informazioa.

Web atariaren bisitariek abestiak entzun eta botoak eman ahalko dituzte. Puntuaziorako, webgunean lortutako puntuak hartuko dira kontuan.
Aldi berean, antolatzaileek, beren-beregi, lehiaketa honetarako aukeratutako epaimahai bat izendatuko dute, eta epaimahaiak bere hautagaiak proposatuko ditu. Epaimahaia musika munduko arlo ezberdinetan adituak diren profesionalez osatua izango da.

Lehiaketara aurkeztu diren talde guztien artean, lau talde sailkatuko dira bigarren faserako:
Lau talde horietatik bi beraien ospeari esker lortu duten puntuazioaren arabera aukeratuko dira.
Beste bi taldeak, berriz, epaimahaiak aukeratuko ditu, irizpide musikalak soilik kontuan hartuz.

Lehenengo fasea azaroaren 25an amaituko da, 23:59tan.
Azaroaren 29an sailkatu diren lau taldeen izenak iragarriko dira.

Hirugarrena.- Bigarren fasea

Lehiaketaren bigarren fasea zuzeneko ekitaldi bat izango da.
Ekitaldi hori abenduaren 2an egingo da, Bilboko Bilborock aretoan.

Taldeak lau txandatan antolatuko dira. Taldeen hurrenkera aukeratzeko zozketa bat egingo da ekitaldia hasi baino lehen.

Botoak emateko, entzuleek dei galduak egingo dituzte musika talde bakoitzari dagokion telefono zenbakira. Entzule bakoitzak nahi beste boto eman dezake.
Epaimahaikideen iritzia ere kontutan hartuko da talde irabazlea aukeratzeko.

Laugarrena.- Epaimahaia

Bigarren fasera pasatuko diren lau taldeetatik bi aukeratuko dituen epaimahaia musika munduko lau adituz osaturik egongo da.

Hauek dira epaimahaia osatzen duten kideek:

  • Joseba Martin - (Radio Euskadiko esataria, musika arloan aditua)
  • Ritxi Aizpuru (Baga Biga diskoetxeko arduraduna)
  • Haimar Arejita (Gatibu taldeko musikaria)
  • Last Tour International enpresako kide bat

Epaimahiak askatasun osoz jardungo du eta irizpide musikalei soilik begiatuta hartuko du bere erabakia.

Bosgarrena.- Parte hartzeko betebeharrak

Lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek honako eskakizun hauek bete behar dituzte:
Talde amateurrak izan behar dute. Horren arabera, talde batek disko bat baino gehiago grabatu badu, talde hori ez da amateurtzat hartuko.
Lehiaketara aurkeztutako abestien artean, gutxienez bik egon beharko dute euskaraz. Bigarren fasera sailkatzen diren taldeek, bi abesti gutxienez jo beharko dituzte euskaraz zuzeneko emanaldian.

Baldintza horiek biak betetzen ez dituzten taldeak lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Seigarrena.- Izen ematea eta epeak

Lehiaketan parte hartzeko, web orrian bertan eman beharko da izena (www.bandenlehia.com). Lehenengo faseak irauten duen bitartean, edozein egunetan eman daiteke izena.

Aurreko urtetako BandenLehia emanaldietan irabazle atera diren taldeek ezin izango dute aurtengo ediziora aurkeztu.

Zazpigarrena.- Abestien jabetza

Musika taldeek jabetzan dituzten abestiak baino ezingo dituzte aurkeztu lehiaketara. Abesti bat ez bada musika taldeko kideren batena, taldeak egilearen baimena izan beharko du abesti hori zabaldu eta erabiltzeko.
Baldintza hau betetzen ez duten taldeak lehiaketatik kanpo geratuko dira.

Zortzigarrena.- Lehenengo faseko puntuazioa

Lehiaketaren lehenengo fasean, taldeen puntuazioa eta zeintzuk helduko diren finalera, honako erizpideen arabera erabakiko da:

Webgunean lortutako ospeari esker jasotako puntuazioaren arabera bi talde aukeratuko dira.
Epaimahaiak beste bi talde izendatuko ditu.

Bestalde, antolatzaileek edozein momentuan talde bat lehiaketatik kanpo uzteko eskubidea gordetzen dute, baldin eta talde horrek edozein motatako tranparen bat egin duelakoaren susmoa badauka.

Bederatzigarrena.- Lehenengo faseko irabazleak

Lehenengo faseko irabazleen izenak web atarian argitaratuko dira, azaroaren 29an.

Sailkatuko diren lau talde horiek zuzeneko emanaldi baten aurkeztuko dituzte abestiak.

Hamargarrena.- Bigarren faseko puntuazioa

Finalaren talde irabazlea modu honetan erabakiko da:

  • Talde bakoitzak lortutako botoak erabakiaren %70a suposatuko du.
  • Epaimahaiaren balorazioak beste %30eko balioa izango du.

Bozkatzeko sistema:
Talde bakoitzari telefono zenbaki bat esleituko zaio. Entzuleek dei galduak eginez emango dizkiote botoak gustukoen duten taldeari. Nahi adina dei egin ahalko dituzte.

Dei galdu bat = Boto bat

Hamaikagarrena.- Bigarren faseko irabazlea

Behin talde bakoitzak lortutako botoak zenbatuta eta epaimahaikideen iritzia jasota, talde bakoitzak lortutako portzentaia aterako da eta horrekin irabazle suertatu den taldea.

Talde irabazlearen izena ekitaldiaren amaieran emango da jakitera.


Hamabigarrena.- Sariak

Talde irabazleak honako sariak irabaziko ditu:

  • 2012ko BBKLive jaialdian jotzeko aukera izango du, zuzeneko emanaldian. Kontzertu horretako data zehaztear dago eta jaialdiko antolatzaileekin batera zehaztuko da.
  • 2.000 eurotako opari-txeke bat jasoko du, musika-materialetan gastatu ahal izateko.

Beste hiru talde finalisteentzako saria:

  • Wifi konexioa eta 8 GB edukiera duen Apple iPod Touch bana taldekideentzako.

Hamahirugarrena.- Musika jotzeko ekipoa

Musika taldeen txanda-aldaketak azkarrago egiteko, taldeek musika elementu batzuk partekatu beharko dituzte: anplifikadoreak eta monitoreak (bi gitarra eta baxu baterako), bateria eta mikrofonoak.
Talderen batek elementu gehiago behar baditu, berak arduratu beharko du material hori instalatzeaz.

Hamalaugarrena.- Banaketa eskubidea

Nahi izanez gero, antolatzaileek eskubidea izango dute lehiaketara aurkezten diren abestiekin irabaz asmorik gabeko bilduma bat grabatu eta banatzeko. Hori dela eta, musika-taldeek, eskubide hori aitortu, eta diru-ordainik ez eskatzeko konpromisoa adierazten dute.

Hamabosgarrena.- Oinarrien interpretazioa

Antolatzaileek eskubidea izango dute lehiaketa honen oinarriak interpretatzeko, baldin eta horrek lehiaketaren xedea betetzen laguntzen badu.
Sariekin nolabaiteko arazorik sortzen bada, ezaugarri bereko beste sari batzuk emango dira haien ordez.

Hamaseigarrena.- Oinarrien onarpena

Lehiaketa honetan izena emateak esan nahi du erabat onartzen direla oinarri hauek.



Edición 2011 - BandenLehia Banda Beat eko egitasmo bat da